viernes, 17 de diciembre de 2021

Gabonarten ateak zabalik


Bilbok Gabonart Gabonetako Azoka egingo du, berriz ere. Aurtengoan, gainera, indartsu dator ekimena, parte hartuko duten artisau kopurua bikoiztu egin da eta: aurreko edizioan, 26 profesionalek parte hartu zuten, eta, aurtengoan, berriz, 53 izango dira. Arbaso Eskulangintza Tradizionala Sustatzeko Elkartearen eskutik, Gabonarten 9. edizioa izango da aurtengoa —eta Gabonetako Eskulangintza Azokaren 39. edizioa—. Beste urte batez, «slow life»a ekarriko dute Bilboko hiriburura. Inaugurazio ekitaldian Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto egon da eta azpimarratu du “gaur egun artisauek daukaten garrantzia eta balorea motor ekonomiko gisa”.

Gabonart Gabonetako Azoka abenduaren 17tik urtarrilaren 5era bitartean izango da. Iaz, lehen aldiz, Areatzako pasealekuan egon ondoren, aurten ohiko bere kokalekura itzuliko da, Areatzako kaira, karpa formatuan. Bizi dugun osasun-krisi egoera aintzat hartuta, erakundeak Osasun Sailak ezarritako irizpide guztiak beteko dituzte, edukieratik hasita (zeina gunera egokituko baita).

Bederatzigarren urtea da Arbasok kudeatu eta antolatzen duela Bilboko Gabonetako Azoka. Pandemia-egoerak gogor jo du artisauen sektorea, eta, hartara, uste dute ekimena «ezinbestekoa» dela. Izan ere, krisi hau osasungintzatik harago doa: eskulangintzan, ekonomiari ere eragiten dio. Azken bi urteetan, bertan behera geratu dira herrialdean antolatutako artisau-azoka gehienak, eta horrek kolokan jarri eta jartzen du bertan parte hartzen duten profesional askoren etorkizuna: «azokak dira beren erakusleiho nagusiak, eta, horrelakorik ez egitea, artisauak porrotera kondenatzea da», azpimarratu dute Arbaso elkartetik.

Egoera hori izanda, kalera itzultzea lehentasunezkoa da artisauentzat. Ez da ahaztu behar «pandemia-garai honetan, balioetsi egin dela, berriz ere, ekoizpen txikia, bikaina, originala, bakarra, eskuz egindakoa. Gaur egun "slow life" gisa ezagutzen duguna... Gaur egun, inoiz baino gehiago, gauza bakanak boladan daude, eta beren balio handienak artisautzarenak dira», azpimarratu dute Arbason.

Euskal Herriko artisauen elkartearen helburu nagusia da sektorearen garrantzia agerian jartzen duten ekimen mota guztiak sustatzea, eta, dagoeneko, Bizkaiko hiriburuko Gabonetako Azokaren prestigioa berrestea lortu du. Era berean, ekitaldi horren bidez ez da bakarrik sustatzen artisautza merkaturatzea: gure kulturaren atal baten zabalkundea ere egiten da, eta ekonomia bera dinamizatzen da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario